Sorbeltza (Apus apus), euskal izenak

2006-6-5

Sorbeltza (Apus apus), euskal izenak

Iazko mezu batean aipatu nuen gai hau. Eibarren abijoia deitzen diogu gaztelaniazko vencejori (Apus apus), gaur egungo euskaraz sorbeltz deitzen dioten horri. Txori ezaguna izanda, ia-ia herri bakoitzean izen ezberdina dauka.

Orain urtebete esandakoak labur geratu, eta beste zenbait izen eta datu ere gehituko ditut eguneraketa honetan, gehienak ehiztari eta baserritarrei ahoz jasotakoak. Nafarroa eta Iparraldeko datu gutxi daukat oraindik; ea datorren urterako... Izen batzuen erabilera-eremua gutxi gorabeherakoa da, eta baliteke albo-herrietan ere erabiltzea.

Apus apus herririk herri

  • Txirri, txirritxori (eta aldaerak): gehienbat Bizkaia sartaldeko hainbat ingurutan, Mungian-Uriben bereziki, baina Euskal Herriko beste hainbat txokotan ere, antzeko izenak erabiltzen dira, esate baterako: Sakanan txirriño, Legutianon txirri, Zumarraga-Urretxun txirrintxori, edo Elorrion txirribirri.
  • Txirriskillo / Kirriskillo: Lea-Artibai ia osoan horrela deitzen diote (edo aldaerak: Zirriskillo, Karraskillo, Txirritxaldo...). Seguru asko Busturialdeko herri batzuetan ere bai (Muxikan eta Ereño-Nabarniz inguruan bai, behintzat).
  • Ermitarixo, Imintarixo: Durangaldean (Durango, Iurreta, Garai, Berriz...).
  • Erlai: Leintz aldean, Aramaio, Otxandio eta Ubidea (elai) barne; Diman ere elai. Salbuespena Leintz Gatzaga eta Marin (Eskoriatzako auzoa) dira.
  • Artxilloi: Gatzaga eta Marin (Eskoriatza).
  • Ka(n)pantxoi: Oñatin.
  • Beltxijoi, beltxiju: (baita Pentzajo eta aldaerak). Bergara-Antzuolan, eta Markina-Aulesti inguruan.
  • Abijoi: Eibar inguruan (Mallabia, Ermua, eta Soraluze barne).
  • Txio: Elgetarrak, berezi xamarrak dira. Enara azpizuriari egabera deitzen badiote, eta egaberari azpizuri... hortik aurrera, dena libre :-). Txio deitzen diote sorbeltzari.
  • Kataki, ataka: Elgoibar-Azkoitia inguruan, eta Mutrikun. Ziurrenik Mendaron eta Deban ere bai, baina datu hori ez daukat.
  • Txenada beltz (txinara beltz, enara beltz...): Azpeitia eta inguruan (Beizama, Errezil, Aizarnazabal, Aizarna, Urrestila, Matxinbenta...).
  • Arrandera/Arrantxori/Errentxori: Zumaia inguruan; baita Zerain inguruan ere.
  • Zirringillo, txirringillo: Zarautz-Getaria-Aia inguruan eta Goierrin. Azken batean, hasieran aipatutako txirri izenaren aldaera bat dirudi (edo alderantziz).
  • Mitxigu, mitxiku: Tolosaldeko hainbat herritan, alboko Aia barne.
  • Irra, irriyo, irrigo... txirriyo: Donostialdean, Pasaian, Oiartzunen, eta abar.
  • Kirrillo, girrillo, grillo: Irun-Hondarribia inguruan.
  • Sorbeltz: Hernani inguruan.
  • Chirri, chirrin: Baita gaztelaniaz ere, Araba eta Nafarroako eremu zabalean.

......

Oharra: artikulu hau Eibartik blogean argitaratu zen lehenengoz.