Salburuako urmaelak eta Ataria harrera-gunea

Lehenago ere aipatu izan dugu blog honetan Salburua, besteak beste Ataria (bertako harreragune eta interpretazio-zentroa) inauguratu eta bisitatu genuenean. Gasteizen bertan dago, hiriari pega-pega eginda, Baskoniaren zelaiaren ondo-ondoan (ikus mapan).

Salburua Euskal Herriko urmaelik garrantzitsuenetarikoa zen XIX. gizaldira arte. Arabako lautadako ur freatikoak jasotzen zituen eta bere 3 potzuetan (Betoño, Arkaute eta Larrandizarra) milaka landare eta animalia espezie bizi ziren. 1857. urtean hasi zen gainbehera: urmaelak drainatzen eta lehortzen hasi ziren, soroak ugaritzen, animaliak desagertzen. Zorionez, 1994an berreskuratze prozesua hasi zen. Ordurako Betoñoko putzuaren zati txiki bat besterik ez zen geratzen, eta antzinako baso eta belardi naturalen azken aztarnak. Azken 15 urteotan egindako lanari esker, 200 hektarea lortu dira, hainbat habitat desberdin leheneratu eta ingurua urez eta bizitzaz beteta dago. Une honetan jatorrizko hezegunearen zatirik handiena berreskuratu da eta animaliak berriro itzuli dira Salburuara (hegazti, narrasti eta ugaztun).

Horrelako naturgune urbanoen kasuan, baina, zalantza izaten dut: inguru naturalak parke bihurtzen ditugu, natura hesitu eta gure beharretara egokituz. Hori ote egokiena? Salburuak ez ote luke naturalago, basatiago izan behar? Jendearentzat jarleku, mahai eta pasealekurik gabe? Bestela, azkenean, gizakiak lekua jaten dio naturari. Euskal Herriko naturgune asko horrelaxe daude, oztopoz eta mehatxuz beteta (Txingudi edo Urdaibai dira adibiderik garbienak). Eibartik hurrago, Urkuluko urtegia. Garai batean mendi hutsa; gaur egun gero eta inguru urbanizatuagoa.

Erantzuna ez da erraza. Hirietatik hain hurbil dauden naturguneetan, ziurrenik, oreka aurkitzen saiatu beharko da. Herritarrei naturaz gozatzeko aukera eskainiz, baina naturari ere bere ibilbidea egiteko aukerak eskainiz.

Uste dut Salburua eredu eta adibide egokia dela. Hirian bertan dagoen ingurune erabat degradatua, naturgune zoragarri eta aberats bihurtu dute 15 urte eskasean. Hainbat habitat desberdin berreskuratu dituzte, espezieak itzultzeko planak gauzatu dituzte...

Oso leku ederra da; zoragarria da horrelako parke edo naturgune bat izatea. Paseatzeko, bizikletan ibiltzeko, haurrekin jolasteko eta naturaz gozatzeko. Gaur bertan izan gara. Parkean dauden oreinak ikusi ditugu, jakina. Baina gauza gehiago ere bai: uretako suge polit bat, igelak kantuan jauzika, dozenaka hegazti, eta basurde bat belardian ihesi. Egun ederra izan da.