Santoñako padura, Joyelgo urmaela eta Isla (Trasmiera, Cantabria)

Cantabria gogoko dugu. Leku ederra da eta sarri ibili gara han inguruan. Euskal Herriaren antzeko geografia eta orografia ditu, baina askoz dentsitate txikiagoa izanik, paisaia natural eta zabalagoak aurkituko dituzu bertan (gehienbat Euskal Herriko kostaldearekin alderatzen baduzu). Mendi ederrak, herri politak, eta kostalde ikusgarria.

Santillana eta San Vicente herri ederrak ditu mendebaldean, Altamira bisitatzeko aukerarekin, Liébana edo Valle del Pas moduko eskualde menditsu ikusgarriak barnekaldean, Soba bezalako aran galduak hanhemenka (blog honetan lehenago ere aipatutakoa), eta naturgune asko eta zabalak, Saja-Besayakoa, Liencresekoa edo Asongoa, besteak beste.

Egunotan Santoña eta Arnuero inguruan ibili gara, Trasmiera eskualdean. Hantxe daude, besteak beste, Santoñako Natur Parkea, Joyelgo urmaela, Isla eta bere hondartzak, Ajoko itsasadarra, eta Noja-Laredo bezalako leku turistikoak... Leku ederra da, oso aproposa haurrekin joateko eta naturaz gozatzeko. Lehendik ere ezagutzen genuen eta oraingoan ere gustura hartu gaitu.

  • Santoña inguruko urmael eta padura gazi-gozoa Kantauri osoko natur parkerik garrantzitsuenetarikoa da. Izen ofiziala luzeagoa du eta bere baitan hartzen ditu Santoñako, Victoriako eta Joyelgo hezegune guztiak, 6.700 hektarea guztira. 1992. urteaz geroztik Parke Naturala da, eta Ramsar (hezegune babestua), Zepa (hegaztientzat gune garrantzitsua) eta GKL (Garrantzi Komunitarioko Lekua) ere bada. Haurrekin hegaztiak ikustera joateko oso aproposa, ondo antolatua eta behatoki egokiekin. Bestela ere, naturaz gozatzeko leku ederra.
  • Bidegorri sare gero eta hobea inguruan (batez ere Santoña-Noja-Isla inguruan).
  • Joyel-eko itsasadarra (Islan) edo Ajo-koa zoragarriak dira, Islako kala txikiak barne. Marea behean dagoenean joatea komeni da, hobeto ikusi eta itsasoan barneratzeko.
  • Hondartza ikusgarriak, batez ere Isla inguruan. Udan lepo, baina gainontzean erabat gomendagarri, La Arena, adibidez.
  • Ondare etnografikoa, Joyel-en dauden errota eta marea-etxea, adibidez, edo Arnueron dagoen “memoriaren behatokia”, Trasmierako Ekoparkearen barruan.

Azken urteotako urbanizazio gehiegizkoak sekulako triskantzak egin ditu han ere (Noja da horren lekuko nagusia, baina Islan bertan ere hainbat adibide aurkituko dituzu), baina Euskal Herrian ere asko dakigu horretaz. Hala ere, tarteka begi bat itxi, eta jatorrizko edertasuna oraindik ikusgai izango dugu.

Hortaz, eguna edo asteburua igarotzeko leku ederra, Trasmiera eskualdea. Eta aspertzen bazara, beti duzu aukera Santoñara joan eta Carrero Blancoren (eta Frankismoaren) omenez dagoen monumentoa bisitatzeko.