Txoriak.eus aurkeztu dugu, Euskal Herriko txorien fitxen eta euskarazko izenen datu-basea

2017-2-16

Txoriak.eus aurkeztu dugu, Euskal Herriko txorien fitxen eta euskarazko izenen datu-basea

Webgune honen asmoa da Euskal Herriko txori eta hegaztien inguruko informazioa ematea, alderdi bi jorratuz: ornitologiarena eta, batez ere, ornitonimiarena (txori izenena, alegia). Hartara, ondare naturala eta  linguistiko-kulturala uztartuta landu gura dira. Alor semantiko zinez aberatsa da hegaztiena, eta gazteen artean erabat galzorian dagoena, transmisioa etenda eta estandarreko formak (batzuetan okerrak direnak) erabat nagusituta. Txorien fitxen bitartez, beraz, hegaztien izendegia jaso eta berreskuratu nahi da eta, bide batez, Euskal Herriko hegazti-espezieen inguruko informazio ornitologokoa euskaraz emateko ahalegin bat ere egin dugu, ez baita erraza sarean eta euskaraz ornitologiaren inguruko informazio larregirik aurkitzea.

Txoriak.eus - Euskal Herriko hegaztien webgunea

Zer den Txoriak.eus webgunea? Hitz gutxitan esanda, Euskal Herriko hegaztien inguruko datu-base bat, non 2 motatako informazioa biltzen den. Batetik, txori-espezie bakoitzaren informazio biologikoa (ornitologikoa) jasotzen dugu: espeziearen ezaugarriak, argazkiak, non eta noiz aurkitu daitekeen, ikusentzunezkoak,... Eta bestetik (eta batez ere), txorien euskarazko izenen datu-base bat da. Txori bakoitzak zer izen hartzen dituen eskualde, euskalki eta hizkera bakoitzean; nori jaso zaion izen hori, eta bibliografian nola/noiz/nork erabili izan duen. Kasu batzuetan, lekukoen hitzak ikusi eta entzuteko aukera ere badago, Ahotsak proiektuan jasotako grabazioei esker. Hortaz, Txoriak.eus, Euskal Herriko txorien eta txori-izenen inguruko webgune edo datu-basea da. 

Webgunea dagoeneko ikusgai egon arren, plataforma dinamikoa izateko asmoarekin jaio da. Orain ikusgai daukazun hau lehenengo bertsio bat besterik ez da; oraindik ere edukia gehitzen eta orrazten ari gara eta horretan jarraituko dugu etorkizunean ere. Hasiera honetan, gehienbat, txorien izendegiari eman zaio garrantzi berezia. Gutxinaka, hegaztiei buruzko informazio gehiago sareratzen ere joango gara. Une honetan Euskal Herriko 100 espezie nagusienen datuak aurkezten dira, baina urte amaierarako 200 espezietara ere iritsiko gara; txori-izenei dagokienez, une honetan, 2.000 txori-izen ezberdin inguru daude jasota eta ikusgai datu-base honetan. Horrekin batera, Txoritokiak izeneko atal bat ere sortu dugu, Euskal Herrian (eta inguru hurbil samarrean) hegaztiak ikusteko tokirik aproposenak zerrendatu eta bakoitzaren inguruko informazio praktikoa eskainiz. Atal hori ere indartzen joango da datozen hilabeteetan.

Ornitonimia eta hegaztien euskarazko izenak

Txorien euskarazko izenak batzea da webgune honen helburu nagusienetako bat. Txori bakoitzak herri bakoitzean zein izen (izan) duen zehaztea. Izan ere, hegazti-izenen alor semantikoa oso aberatsa da. Hegaztiak dira animaliarik ezagunenak eta ugarienetarikoak, eta tradiziozko ondarean leku zabala izan dute. Gainera, ehizaki eta elikagai ere izan dira. Ondorioz, hegazti gehienak ezagunak dira herritarrentzat (edo izan dira, orain gutxira arte, behinik behin), eta bakoitzak oso izen ezberdinak izan ditzake herri batetik bestera. Hori horrela izan da duela 30-40 urtera arte, non sekulako etena gertatu den izenen eta garai bateko ohituren transmisioan.

Baserritar, arrantzale eta ehiztari nagusien artean egindako galdeketetan, nabarmen ikusten da, beste alor lexikaletan ez bezala (ugaztunak, anfibioak, perretxikoak, zuhaitzak, lihogintza, baserriko tresnak...), hegaztien inguruan jasotako berba asko liburuetan estandarizatu diren izenetatik urrun daudela, eta askotan hiztegietatik kanpo ere bai. Herri batetik besterako jauzia itzela izan daiteke, eta oso arrunta da edozein hegaztik dozena bat izen ezberdin izatea Euskal Herrian zehar, gehiago ez badira.

Hori horrela zela jakinda, eta berba gehienak 70-80 urtetik gorakoen ahotan bakarrik jaso zitezkeela ikusita, galzorian zegoen altxor lexikal eta etnografiko hori lehenbailehen jasotzea erabaki zuen Asier Sarasua Aranberrik 1990eko hamarkadan, eta horretan jardun du harrezkero. Bilketa etnolinguistiko hori izan da webgune eta egitasmo hau martxan jartzeko ernamuina. Hona hemen Asier Sarasuak berak webgunea aurkezteko unean idatzitako azalpenak.

Webgune honetan biltzen den informazioaren oinarria informatzaileei egindako 200dik gora elkarrizketa izan dira. Gainera 100 lan bibliografiko (liburu, hiztegi eta artikulu) ere aztertu eta hustu dira. Bereziki interesgarriak XX. mende hasiera eta erdikoak, euskarazko izenak finkatzeko orduan oinarri moduan erabili zirelako; gaur egungo txori-izen estandarizatuak lan haietan oinarritu ziren.

Proiektu honen asmoa izan da, beraz, galzorian zegoen txori-izenen ondare materiagabe hori batzea eta katalogatzea. Ondoren, hori guztiori publiko egin eta etorkizunera begira normalizaziorako baliagarri bilakatzea. Izan ere, gaur egun estandarizatu diren txori-izenen artean, badira tradizioan lekurik izan ez duten izenak (askotan asmakizunak, forma itxuragabetuak edo erdarazko izenen kalkoak direnak) eta iruditzen zaigu interesgarria izan daitekeela euskarazko izenen errebisio kritiko bat egitea, kasu batzuetan orain dela 100 urte egindako akatsen zama dugulako gaur egungo zerrenda ofizialetan ere.

Lizentzia, iturriak eta kredituak

Kultura, jakintza eta ezagutza partekatzearen aldeko gara. Webgune honetarako sortu eta bildutako eduki guztia (txorien izendegia, testuak, eta abar) cc-by-sa lizentzia librearekin banatzen dira (aitortu partekatu). Webgune honetan azaltzen den beste eduki guztia ere cc-by-sa lizentziarekin jaso eta berrerabili da, hala nola argazkiak (Wikimedia commons), audioak (Xeno-canto,org), ahozko lekukotasunak (Ahotsak.eus), zein gainontzeko material grafiko guztia.

Esan bezala, bilketa etnolinguistikoaren oinarria Euskal Herrian zehar egindako 200 elkarrizketa horiek izan dira. Bilketa hori hustuketa bibliografiko batekin osatu da (ikus Bibliografia atala). Izendegi ofizialetarako ondorengo iturriak erabili dira: EBOren zerrenda (2016) latinezko, euskaraz eta gaztelaniazko izendegietarako; Avibase Europako gainontzeko hizkuntzetarako; Svensson gida (ed. Omega) galizierazko eta katalanezko izenendako; Aragoiko urtekariko zerrenda ofiziala aragoierarentzat. Fitxetako gainontzeko testuak (deskribapenak, fenologia,...) webgune honetarako sortuak dira edo, kasuren batean, euskarazko Wikipediatik jasotakoak. Lizentzia eta iturrien inguruko informazio zabalagoa izateko, ikus Honi buruz atala.

Webgune honen atzean Asier Sarasua Aranberri dago, eta garapena Badihardugu Euskara Elkartearekin lankidetzan egin da. Azpiegitura informatiko osoaren garapena Codesyntax enpresak egin du eta proiektuak Eusko Jaurlaritzaren eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren diru-laguntza jaso du 2016. urtean.

Ezin buka proiektuan lagun izan ditugun guztiei eskerrak eman gabe, hasi protagonista nagusi izan diren lekuko guztiekin, eta segi bidaide/laguntzaile izan ditugun dozenaka lagunekin (dela kontaktuak egiten lagundu dutenak, edo han-hemen eurek batutako txori-izenak ere helarazi dizkigutenak). Eskerrik beroena guztioi!