Txingudiko padurak eta Plaiaundiko naturgunea

Txingudiko badia Euskal Herriko padura eredurik onenetarikoa da. Bidasoa ibaiaren muturrean, eta hiru herriren artean kokatuta (Irun, Hondarribia eta Hendaia), hezegune berezi eta baliotsua da, balio ekologiko izugarria duena. Hegazti espezie askoren migrazio-bidean kokatuta dago eta itsas hegaztientzat ere babesgune egokia da, batez ere enbata eta itsas-erauntsien sasoian. Hori dela eta, gure inguruan hegaztiak behatzeko tokirik onenetarikoa da.

Inguruneak gizakiaren presio izugarria jasan du mendeetan zehar eta jatorrizko paduraren zatitxo bat besterik ez da geratzen. Geratzen den horrek, gainera, naturgunea eta babesgunea izan arren, oraindik ere presio izugarria jasaten du (3 herri handi inguruan, aireportua, trena, kirolguneak...), eta ez dirudi agintariek aintzat hartzen dutenik. Hala ere, bere potentziala izugarria da eta azken urteotan 250 hegazti espezie baino gehiago ikusi ahal izan dira bertan, eta anfibio eta arrainentzat ere leku garrantzitsua da.

Legez nolabaiteko babesa badu. Besteak beste, Natura 2000 sarean dago, Euskal Autonomi Erkidegoko hezeguneak babesteko plana,
Hegaztientzako Babes Bereziko Eremua, Batasunaren Garrantzizko Lekua da eta Ramsar hitzarmenaren babesa ere badu. Bost eremu dira une honetan, neurri batean edo bestean, babestuta daudenak:

Plaiaundiko Parke Ekologikoa

Txingudiko padurak bisitatzeko modurik errazena Plaiaunditik abiatuta egingo dugu. Irungo hiri alboan dagoen naturgunea da eta bertan dago Txingudiko Ekoetxea (harreragunea eta interpretazioa zentroa). Parke polita da, ondo egokitua eta umeekin joateko aproposa. Hegaztiak behatzeko Euskal Herriko tokirik egokienetakoen artean dago, erraztasuna eta hegazti-aniztasuna parekatzen badituzu.

Padurak, aintzirak, haltzadiak, zelaiak eta uharteak aurkituko ditugu Plaiaundin, ingurua dibertsitate handiko eremua bihurtuz. Ikus ditzakegun espezieen artean, batez ere urtarrak azpimarratu daitezke. Anatidak (ahateak), limikoloak (hankaluzeak), ardeidoak (koartzak), laridoak (kaioak) eta bestelako itsas-hegaztiak ikusteko leku aproposa da Plaiaundi, batez ere migrazio garaian eta itsasoaren haserrealdietan. 

Lezkadiak ez dira zabalegiak, baina hala ere ez da leku txarra lezkariak eta antzeko hegaztiak ikusteko. Tarteka, baita dilindariak ere.

  • Ohiko espezieak dira: txilinporta txikia, ubarroiak, ur-oilanda edo ur-martina.
  • Udan: txirritxo txikia, lezkariak, benarriz nabarra edota antzandobia.
  • Neguan: txilinporta lepabeltza, aliota handia, txirri grisa, istingorra, kurlinta handia, pottorroa, zingira-berdantza eta beste.
  • Migrazioan: zikoinak, zangak, mokozabala, antzarak, bernagorriak, txirrinak, dilindaria,...


Behin Plaiaundiko bisitaldia amaituta, Jaitzubiara joateko aprobetxatu dezakegu. Jaitzubia errekak Hondarribian egiten duen ibilbidean zehar, lezkaz betetako ingurune zabala aurkituko dugu. Bisitarientzat pasealekua atondu zuten duela urte batzuk ibilbide guztian zehar, eta gaur egun hainbat kilometrotako ibilbidea egin daiteke lezkadi albotik.

70 hektarea dira guztira, horietatik 38 babes bereziarekin. Jaitzubian Gipuzkoan aurki daitezkeen lezkadi handienak ditugu eta, hortaz, leku aproposa da habitat horretako hegaztiak behatzeko.