Euskal Batzorde Ornitologikoa sortu da

2016-10-3

Euskal Batzorde Ornitologikoa sortu da

2016ko Hegaztien Nazioarteko Eguna aprobetxatuz aurkezten da Euskal Batzorde Ornitologikoa. Organo independientea, inolako erakunderen menpe ez dagoena eta izaera zientifiko zein teknikoa izango duena. Bere jarduera nagusia izango da Euskal Autonomia Erkidegoko hegazti espezieen zerrenda ofiziala zehaztea eta Hegazti Bitxien Batzorde bat eratzea. Batzordearen erronka da EAEko hegaztien inguruko ezagutza hobetzea eta lurralde honetan ikusten diren espezie irregular edo ustekabekoen behaketak jaso eta homologatzea.

Batzordeak 2016ko otsailean eman zituen aurreneko urratsak, I. Euskadiko Kongresu Ornitologikoan erabaki baitzen Batzorde hau sortzea. Behin-behineko zuzendaritza ere zehaztu zen eta bere eskuetan utzi zen Batzordea bere osatzeko lehenengo urratsak ematea eta Batzordearen funtzionamenduaren oinarriak zehaztea. Zortzi hilabete igaro ondoren, Juan Arizagak, Gorka Belamendiak, David Callejak, José María Fernándezek, Javier Ferreresek, José Antonio Gainzarainek, Aitor Galarzak, Ignacio García-Sernak, Gorka Gorospek eta Asier Sarasuak osatzen duten lantaldearen lanaren ondorioz, gaur aurkezten da ofizialki Euskal Batzorde Ornitologiko hau, ornitologiaren arloan datuak biltzen eta zientzia egiten hasten delarik.

Batzorde Ornitologiko honen asmoa da izaera transbertsala eta bateratzailea izatea, eta EAEko ornitologiarentzat interes orokorreko diren funtzioak hartzea. Hortaz, dagoeneko beste erakunde edo enpresaren batek betetzen duen funtziorik ez du hartuko, inolako gatazkarik ez sortzeko. Esate baterako, ingurumenaren gaineko eragina kudeatzen edo ebaluatzen duten lanak, zentsoak eta jarraipen programak, edota ikerketa lanak; ez du horrelakorik egingo.

Oro har, Batzorde berriaren lan nagusiak hauexek izango dira: batetik, EAEko hegaztien zerrenda ofiziala zehaztu eta eguneratuta mantentzea, azken urteotan behatutako espezie guztien zerrenda sortuz eta euren estatusa zehaztuz (udatiarrak, pasekoak, negutiarrak, eta abar); bestalde, EAEn ikusi diren espezie bitxien homologazioa egitea, Ez-ohiko Behaketen Batzordearen bidez.

Horiez gain, Batzordeak beste eginkizun batzuk ere har ditzake bere gain, hala nola, EAEko hegaztien izendegi ofizialarentzat erreferentziazko taxonomia zehaztea, euskarazko izendegia gainbegiratzea eta eguneratzea, Urtekari Ornitologikoa argitaratzea, Euskadiko Kongresu Ornitologikoa antolatzea, eta gizarteko eragile ezberdinen arteko zubi-lanak egitea.