Txolarrea, hormatxoria, artatxoria,... Txori honen zenbait sinonimo eta euren hedadura.

2013-3-3

Txolarrea, hormatxoria, artatxoria,... Txori honen zenbait sinonimo eta euren hedadura.

Maite Goñiren #gaurkoHitza ekimenean txoritxo bati egokitu zaio gaurkoan, "txolarreari". Berak ondo dioen moduan, hainbat sinonimo ditu txori txiki ezagun honek. Izan ere, leku gutxitan deitzen zaio berez "txolarrea".

"Txolarre" dakar gaur #GaurkoHitzak. Hiztegi eta testu-liburu nagusietan ere txolarreak agertuko zaizkigu nagusiki, baina hegazti gehienen moduan, txori honek hainbat sinonimo ditu, eta gehienak txolarre bera baino dexente hedatuagoak (Elhuyar hiztegiak txolarre hobesten duen arren, besteen aurretik).

Eskualde batzuetako datuak falta zaizkidan arren (ia Iparralde guztikoak), hona hemen azken urteotan jaso ditudan izenetako batzuk, eta gutxi gora-beherako hedadura. Kontuan izan, hain txori ezaguna izanda, arrunta dela herri bakoitzean bizpahiru izen izatea.

Besteren bat ezagutzen edo erabiltzen baduzu, gustura jasoko nuke!

Hemen, ba:

  • Artatxori: Bizkaieraren ia eremu guztian (Durangaldean, Mungialdean, Busturialdean, Legution...) Eibar ingururaino. Hauxe da, hedaduraz, berbarik zabalena, baina eskualderik gehienetan beste sinonimoren batekin batera agertzen da.
  • Burgoi, burrigoi, burgoitxori: Beasain.
  • Elizatxori (eleitxori, eliztxori...): Arratian, Otxandion, Aretxabaletan, Getarian, Errezilen, Gizaburuaga-Ea-Aulesti inguruan, Lapurdin, Zuberoan (herririk gehienetan).
  • Etxetxori: Nafarroa garaiko eskualde askotan (Leitza, Baztan, Oitz, Imotz,...), Gipuzkoako mugako herri batzuetan (Berastegi, Ataun...) eta Lapurdiko alderdi batzuetan.
  • Etxolar: Andoain
  • Galartxori: Etxarri-Aranatz.
  • Garaitxori: Aezkoa.
  • Gorrilloi, gorrillota: Bergara-Antzuola.
  • Hormatxori: Ermua-Eibar-Elgeta-Soraluze... Azpeitia-Errezil-Aia...
  • Kaletxori: Aretxabaleta-Eskoriatza... Zerain.
  • Kurloi, kurrilloi: Lea-Artibai (Munitibar, Berriatua, Markina,...), Durangaldea (Elorrio, Abadiño, Berriz, Mallabia...), eta Debagoiena (Arrasate, Oñati, Antzuola...), eta eskualde horien alboko zenbait herritan (Muxika, Mendata, Azkoitia...).
  • Lapurtxori (txorilapur): Beasain, Olaberri... Errezil.
  • Larratxori: Mutriku.
  • Mokomotz (txorimotz): Azpeitia, Beizama, Aia, Zestoa, Errezil, Beasain...
  • Metatxori: Zuberoa.
  • Murrutxori (murruxori, murruzori): Nafarroa Beherean.
  • Pardel: Ondarroa.
  • Paretatxori (paatzoi...): Oiartzun, Errenteria, Hondarribia, Bera...
  • Patxizar: Deba, Zumaia, Aizarnazabal, Zestoa.
  • Teilatxori: Ubidea.
  • Torretxori, torrotxori: Mendexa, Amoroto, Ispaster, Ea, Lekeitio, Nabarniz... Zerain. Legutio.
  • Txau, ttau, txantxau...: Pasaia, Hondarribia.
  • Txolarre, txoarre, txuarre: Zarautz. Hernani-Arano.
  • Txorrotxori: Orio.
  • Txuerra: Elgoibar-Mendaro-Deba.

Horra, ba, orain arte jaso dudana. Horko batzuk, beharbada, bateratzeko aukera legoke (txolarre-txuerra; gorrilloi-kurloi-burrigoi;...), baina oraingoz beude horrela.

Horietaz gainera, beste izen batzuk ere jaso ditut, erreferentzia bibliografikoetatik edo lekukoren baten ahotik, baina ezin ditut ziurtatu, ez sinesgarritasuna, ez hedadura geografiko posiblea. Adibidez: abadetxori, ganbaratxori, garitxori, garraio, karatxori, karrato, kurroe, lastatxori, parratxori, txirlu, txorilarri.

Irudia: Wikimedia.

..............

Oharra: artikulu hau Eibartik blogean argitaratu zen lehenengoz.