Artur Miko?ajewski GFDL CC-BY-SA-3.0
Artur Miko?ajewski GFDL CC-BY-SA-3.0

Antzandobi arrunta (Lanius collurio)

Laniidae, Paseriformeak

Beste izen batzuk: Antzandobi, Begihandi, Buruhandi, Burunagusi, Karrakari, Karraska, Pepetanbor, Pikaporta, Pikumotz, Txorigaizto, Txorihandi.
Euskarazko izendegi osoa »

Beste hizkuntzetan

  • Gaztelania: Alcaudón dorsirrojo
  • Frantsesa: Pie-grièche écorcheur
  • Ingelesa: Red-backed Shrike
  • Aragoiera: Picapuerco royo
  • Katalana: Escorxador
  • Galegoa: Picanzo vermello
  • Alemaniera: Neuntöter
  • Italiera: Averla piccola

Deskribapena

Ugariegia izan ez arren, baserritar eta naturzaleek ondo ezagutzen dute txori nahastezin hau. Neurriz zozoaren antzekoa, bere buru handiak oso bereizgarri egiten du antzandobia, eta eskualde askotan ematen zaion izenak ere ondo adierazten du gainontzeko txoriak baino kaxko handiagoa duela: buruhandia, txorihandia, begihandia,... Arraren kolore-nahastea ere oso bereizgarria da, bizkar gorrizka, buru grisa, bularralde arrosa eta, gehienbat, begiak estaliz daraman antifaz beltza. Emea, ostera, arrexka eta pinttana da, ingurunearekin hobeto mimetizatu nahiko balu bezala.

Itxuragatik ez ezik, bere ohitura batengatik da ezagun eta berezia antzandobia. Izan ere, intsektu eta ornodun txikiz elikatzen dira buruhandi hauek. Batez ere intsektuak jaten ditu, baina baita sugandila eta narrasti txikiak, sagu eta satitsuak, edota baita hegazti txikiren bat ere. Harrapariak dira, beraz, antzandobiak (txori txikien artean ohitura hori daukaten bakarrak dira). Eta, behin harrapatuta, harrapakinak inguruko arantza edo alanbredun hesietan zintzilikatzen dituzte, hurrengo egunetarako gordailu gisa.

Euskal Herrian

Garai batean txori ugaria, gaur egun gero eta urriago bilakatu da. Hala ere, kopuru txikietan izan arren, Euskal Herriko eskualderik gehienetan bizi da, lekurik lehorrenetan beste antzandobi mota batzuek ordezkatzen duten arren.

Eurasiako eremu zabalean kumatzen du. Neguan, berriz, Sahara hegoalderantz migratzen du. Horretan ere badu berezitasun bat antzandobi arruntak, zuzenean hegoalderantz joan ordez, eta Afrikara Gibraltarretik barrena joan ordez, Mediterraneo osoa inguratzen duelako, eta Egiptotik behera jaisten delako Afrika ekialderantz.

Entzun

Banaketa mapa

Lanius collurio distribution map

Bideoa - Antzandobi arra

Euskarazko izendegia

Mapa honetan izen nagusiak aurkituko dituzu. Datu guztiak ikusteko begiratu ondorengo taula.

Aldaera Eskualdea
Antzandobi
Begihandi Lea Artibai, Urola-Kostaldea, Gernika-Bermeo
Buruhandi Durangaldea, Debagoiena, Debabarrena, Lea Artibai, Urola-Kostaldea, Tolosaldea
Burunagusi Gernika-Bermeo
Karrakari Gernika-Bermeo
Karraska Durangaldea
Pepetanbor Lea Artibai, Gernika-Bermeo
Pikaporta Auñamendi
Pikumotz Debabarrena, Bidasoa Garaia
Txorigaizto Debabarrena, Urola-Kostaldea
Txorihandi Donostialdea, Debagoiena, Debabarrena, Gorbeia Inguruak, Goierri, Urola-Kostaldea, Tolosaldea
Ahohandi Debagoiena
Antzara-txori Zuberoa
Arrautzajale Plentzia-Mungia
Basotxori Lea Artibai
Errege-txori Durangaldea
Eskinoso txiki Urola-Kostaldea
Fara-fara Durangaldea
Garraztarro txiki Debabarrena
Infernutxori Sakana
Kaifas Debagoiena
Kakau txiki Arrati Nerbioi
Kankanote Zuberoa
Kankar Donostialdea
Kardiñerujantzaile
Karrankla Bilbo Handia
Kastellano-txori Lea Artibai
Kiokara Lea Artibai
Kukuen eskribiente Lea Artibai
Larrutzaile Euskal Herria, Bizkaia
Monjatxori Urola-Kostaldea
Sugetxori Zuberoa
Tak-tak
Txar-txar Goierri
Txinbo erreal Debagoiena, Debabarrena
Txoritonto Debagoiena
Zaldubi Urola-Kostaldea

** Eskualdea: Ahoz non jaso den.
   Grisez, zalantzazkoak edota bibliografian bakarrik jasotakoak.

Oharrak

Euskaraz erabiltzen diren izenik gehienek bere ezaugarri fisiko nabarmenekin daude lotuta, batez ere begi eta buru handiei erreferentzia eginez (buruhandi, txorihandi, begihandi, ahohandi...). Bere harrapari izaera eta moko kakoduna azpimarratzen dutenak ere badira (txorigaizto eta pikumotz), eta baita onomatopeikoak ere (karrakari, karraska, txartxar...). Euskara batuan estandarizatu den "antzandobi" hitzak, aldiz, leku txikia dauka tradiziozko ahozko euskaran. Beharbada, Gipuzkoako zenbait herritan erabiltzen diren sandibui eta zaldubi aldaerekin lotuta egongo da.