AviList: munduko hegazti guztien aurreneko zerrenda bateratua

2025-7-19

AviList: munduko hegazti guztien aurreneko zerrenda bateratua

Ornitologiaren mundua kanpotik ezagutzen duenarentzat beharbada harrigarria izanen da, baina orain arte ez zegoen munduko hegazti guztien zerrenda bateraturik. Hainbat buru, hainbat aburu, eta erakunde bakoitzak bere zerrenda sortzen zuen. Gehienean bat zetozen arren, batentzat espeziea zena beste batentzat subespeziea izan zitekeen; edo genero bat familia batean edo bestean egon sailkauta; edo espezie baten izen zientifikoa ere desberdina izan zitekeen zerrendaren arabera. Zorionez, mundu mailako 5 erakunde nagusiak elkartu egin dira eta, 10 urteko lanaren ostean, munduko hegaztien lehenengo zerrenda bateratua argitaratu dute, AviList. Zerrenda berri hori urtero-urtero eguneratuko dute, azkenengo ikerketa ornitologikoek bildutako ezagutza aldatu eta handitu ahala.

Ba, bai! Albiste handi-handia da txoriburuontzat eta munduko ornitologiarentzat. Mundu osoko hegaztiak jasotzen dituen lehenengo zerrenda bateratua argitaratu da, AviList. Ekainean argitaratu zuten paperra Biodiversity and Conservation aldizkarian eta Avilist.org webgunean kargatu dute ondoren informazio guzti-guztia. Albistea txorizaleen foro eta webgune guztietan azaldu da (hemen Cornell, eBird, BirdLife eta Avilist webguneetako albisteak).

Orain arte, mundu mailan batez ere 3 zerrenda global independente genituen: BirdLife Checklist, IOC World Bird List eta eBird/Clements Checklist. Bakoitzak bere erabakiak hartzen zituen eta, neurri handi batean bat etorri arren, salbuespen asko zeuden zerrenda batetik bestera eta horrek nahasketa handia sortzen zuen ornitologiaren inguruko alor guztietan, dela ikerketan, dela dibulgazioan, dela kontserbazio-lanetan. 


Hontz zuria (Tyto alba) 3 espezietan banatu zen 2024an Clements zerrendan (T. alba, T. javanica eta T. furcata). 2025eko AviListen ere onartu da split hori. Argazkia: Alun Williams, CC BY-SA 4.0.

Euskal Herriko 2 kasu jarriko ditugu, adibiderako. Gure kostaldean ikusten dugun gabai balearra, esate baterako, espeziea zen zerrenda batzuetan, baina subespeziea beste batzuetan; AviList zerrenda berrian subespezie mailan geratu da (Puffinus yelkouan mauretanicus). Belatxiki arruntaren kasuan, Corvus monedula zen bere izen zientifikoa zerrenda batzuetan (inguruko bele gehienen antzera, Corvus generoan sailkatua), baina izen berria zeukan beste zerrenda batzuetan, Coloeus monedula (beleki gehienena ez den beste genero batean sailkatua, beraz). Euskal Herrian bertan izan ditugu beste hainbat kontu, eta mundu mailan ehunka eta ehunka izan dira bateratu behar izan diren desadostasunak.

Ikusten denez, Wikipedian ere aldaketak egitea eskatuko digu, gabai balearraren kasuan, esate baterako ;)


By Zeynel Cebeci - CC BY-SA 4.0

4 urteko koordinazio-lan eskerga

Sakabanaketa horrek sortzen zituen arazoak begi-bistakoak izan arren, egoera horrek urteak iraun ditu, bakoitzak bereari begira. Zorionez, 2016az geroztik zerrenda horietako arduradunen arteko lehenengo bilerak hasi ziren eta 2021. urteaz geroztik elkarlanean aritu dira, desadostasunak eta kontraesanak gainditu eta batasun bat lortzeko.

Horrela sortu da AviList, munduko hegazti guztien aurreneko zerrenda orokorra, taxonomia, sistematika eta nomenklatura bateratuarekin! 2025. urteko ekaineko zerrenda izan da lehenengo bertsioa eta une honetan 11.131 hegazti espezie onartzen ditu AviList zerrendak, eta 2.376 genero, 252 familia eta 46 ordenatan banatuta.

Koordinazio-lan handi honetan taxonomia mailako espezialista gorenak eta munduko 5 erakunde nagusiak elkartu dira: AviBase, American Ornithological Society, Cornell Lab or Onrithology, BirdLife international eta International Ornithologist Union. Lantaldea taxonomia eta nomenklatura kontuetan adituek osatu dute eta hilabetero elkartu dira zalantzazko kontu guztiak eztabaidatu eta adosteko, "taxonomia integratuaren" kontzeptuan oinarrituta eta azterketa multifaktoriala eginez; alegia, espezie bakoitzaren morfologia, portaera, ekologia, genetika, filogenia, banaketa geografikoa eta ugalketa-isolamendua aztertuta. Lau urteko lan gogorra izan da, esan bezala, baina dagoeneko esku artean dugu AviList zerrenda bateratua, edonork doan deskargatzeko moduan, gainera.

Setophaga fusca, Ryan Schain | Cornell Lab of Ornithology | Macaulay Library

Erakunde bakoitzak oraindik hilabete batzuk beharko ditu AviList zerrendako erabakiak bere eguneroko egitasmo eta aplikazioetara eramateko (esate baterako eBird eta Birds of the world webguneetara), baina 2026erako prozesua bukatutzat emango dute eta urtero-urtero argitaratuko da AviList zerrenda bateratu berri eguneratua, azkenengo ikerketa zientifikoen arabera oraingo zerrenda hau osatzen joango dena. Izan ere, munduko animalien zerrendak ez dira itxiak eta, ezagutza zientifikoa handitu ahala, orain arte espezie dena subespezie mailara jaitsi daiteke, edo alderantziz; edota genero berriak ere sortu daitezke, izen zientifikoa eta taxonomia aldatuz. 

Gainera, orain arte familia, genero eta espezie mailan sakondu du lantaldeak, baina hurrengo urteetan subespezieak, subfamiliak eta subgeneroak izango dira erronka nagusia. 

Urrats garrantzitsua, hortaz, AviList zerrenda bateratu honekin lortu duguna. AviList-ek hegaztien babeserako lan koordinatua errazten du, datu-trukeetan zehaztasuna bermatzen du eta taxonomia-eztabaidak argitzen ditu. Munduko hegaztien euskarazko izen arruntak finkatzeko orduan ere, ezinbesteko lanabesa izango da AviList. Ospatzeko eguna da!