Honi buruz
Txoriak.eus - Euskal Herriko hegaztiak
Webgune honen asmoa da Euskal Herriko txori eta hegaztien inguruko informazioa ematea, alderdi bi jorratuz: ornitologiarena eta ornitonimiarena (txori izenena). Ondare naturala eta ondare linguistiko-kulturala, hartara, uztartuta landuko dira. Webgunea 2016ko abenduan aurkeztu da. Materiala etengabe ari gara orrazten, editatzen eta gehitzen.
Hortaz, 2 gai landuko dira webgunean:
- Batetik, naturalistiko edo zoologikoa, ondorengo atalekin: Euskal Herriko hegaztien zerrenda, noiz eta non ikusi daitezkeen, zein den habitat eta txoko egokiena hegazti bakoitza ikusteko, fenologia, distribuzio-mapak, eduki multimedia,... Txoriak ikusteko informazio praktikoa ere ematen da, zenbait naturguneren informazio praktikoa eskainiz. Euskal Herriko hegaztien inguruko informazioa euskaraz sareratu nahi izan da.
- Bestetik, eta hau da berrikuntza nagusia, txorien euskal izendegia kontsultatu ahal izango da. Adineko lekukoei Euskal Herri guztian barrena egindako galdeketen bidez, hegazti bakoitzak eskualde bakoitzean zer izen duen jasotzen da. Gainera, hustuketa bibliografikoa ere egin da. Alor semantiko zinez aberatsa da hegaztiena, eta gazteen artean erabat galzorian dagoena, transmisioa etenda eta estandarreko formak (batzuetan okerrak direnak) erabat nagusituta. Fitxa lexikalen bitartez, hegaztien izendegia jaso eta berreskuratu nahi da, eta informazio hori mapa, zerrenda eta taula bidez erakutsi.
Ornitonimia, hegaztien euskarazko izenak
Txorien euskarazko izenak batzea da webgune honen helburu nagusienetako bat. Txori bakoitzak herri bakoitzean zein izen (izan) duen zehaztea.
Hegazti-izenen alor semantikoa oso aberatsa da. Hegaztiak dira animaliarik ezagunenak eta ugarienetarikoak, eta tradiziozko ondarean leku zabala izan dute. Gainera, ehizaki eta elikagai ere izan dira. Ondorioz, hegazti gehienak ezagunak dira herritarrentzat (edo izan dira, orain gutxira arte, behinik behin), eta bakoitzak oso izen ezberdinak izan ditzake herri batetik bestera.
Baserritar, arrantzale eta ehiztarien artean egindako galdeketetan, nabarmen ikusten da, beste alor lexikaletan ez bezala (ugaztunak, anfibioak, perretxikoak, zuhaitzak, lihogintza, baserriko tresnak...), hegaztien inguruan jasotako berba gehienak batutik urrun daudela eta askotan hiztegietatik kanpo. Herri batetik besterako jauzia itzela izan daiteke, eta oso arrunta da edozein hegaztik dozena bat izen ezberdin izatea Euskal Herrian zehar, gehiago ez badira.
Hori horrela zela jakinda, eta berba gehienak 70-80 urtetik gorakoen ahotan bakarrik jaso zitezkeela ikusita, galzorian zegoen altxor lexikal eta etnografiko hori lehenbailehen jasotzea erabaki zuen Asier Sarasua Aranberrik 1990eko hamarkadan, eta horretan jardun du harrezkero. Bilketa etnolinguistiko hori izan da webgune eta egitasmo hau martxan jartzeko ernamuina. Hona hemen Asier Sarasuak berak webgunea aurkezteko unean idatzitako azalpenak.
Proiektu honen asmoa izan da, beraz, galzorian zegoen txori izenen ondare materiagabe hori batzea eta katalogatzea. Ondoren, hori guztiori publiko egin eta etorkizunera begira normalizaziorako baliagarri bilakatzea. Horrekin batera, hala ere, Euskal Herriko txorien inguruko informazio ornitologikoa ere zabalduko da, ez baita erraza alor horretako informazioa euskaraz sarean aurkitzea. Proiektu honek bere aletxoa jarri nahi du beharleku horretan.
Egindako lana eta iturriak
- Bilketa etnolinguistiko-naturalistikoa. 200 elkarrizketa baino gehiago egin zaizkie Euskal Herriko 7 lurraldeetako beste horrenbeste lekukori.
- Txori-izenak jasotzen zituzten lanen hustuketa egin da (ikus Bibliografia atala), eta jasotako izenak ere datu-basean txertatu dira.
- Izendegi ofizialetarako ondorengo iturriak erabili dira: EBOren zerrenda (2016) latinezko, euskaraz eta gaztelaniazko izendegietarako; Avibase Europako gainontzeko hizkuntzetarako; Svensson gida (ed. Omega) galizierazko eta katalanezko izenendako; Aragoiko urtekariko zerrenda ofiziala aragoierarentzat.
- Fitxetako gainontzeko testuak (deskribapenak, fenologia,...) webgune honetarako sortuak dira edo, kasuren batean, euskarazko Wikipediatik jasotakoak.
Lizentzia
Webgune honetarako sortu eta bildutako eduki guztia (txorien izendegia, testuak, eta abar) cc-by-sa lizentzia librearekin banatzen dira (aitortu partekatu). Webgune honetan azaltzen den beste eduki guztia ere Creative Commons lizentziaren batekin jaso eta berrerabili da, hala nola argazkiak (Wikimedia commons), audioak (Xeno-canto,org), ahozko lekukotasunak (Ahotsak.eus), zein gainontzeko material grafiko guztia. Logoaren jatorria, Peecheey.com. Youtubeko bideoen kasuan, Youtubek berak zehazten dituen lizentzia eta baldintzak betetzen dira, noski.
Ohar legala
Webgune honen titularra Asier Sarasua Aranberri da, eta Badihardugu Euskara Elkartearekin lankidetzan garatu da. Webgune honek cookieak darabiltza. Webgune honetako materiala doan banatzen da. Titularrak eskubidea dauka webguneko informazioa edonoiz eta edonola moldatzeko, eta ez dauka erantzukizunik webguneko informazioa erabiltzeak sor ditzakeen zeharkako kalte edo eragozpenetan.
Azpiegitura informatiko osoaren garapena Codesyntax enpresak egin du eta proiektuak Eusko Jaurlaritzaren eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren diru-laguntza jaso du 2016. urtean.