"Berriatuko hizkeraren zenbait alderdi" liburuko txori-izenak ekarri ditugu gure datu-basera
2019-10-1
2011an argitaratu zuen Itziar Aramaio ikerlariak "Berriatuko hizkeraren zenbait alderdi" liburua. 368 orrialdeko lan mardula da Aramaiok kaleratu zuena, Berriatuko (Lea-Artibai, Bizkaia) hizkeraren alderdi nagusiak batuz. Tartean baita hainbat txori-izen ere, oraingo honetan Txoriak.eus-eko datu-basera gehitu ditugunak, lehendik genituen ehunka izenen zerrenda aberastera datozenak.
Bide luzea egin zuen Itziar Aramaio berrittuarrak bere herriko hizkera jasotzen zuen liburua argitaratzeko. Herrikideen artean entzuten zituen atsotitzak jasotzen hasi zen Aramaio, euskal filologiako ikasle zela. Ondoren, Berriatuko euskararen ezaugarri dialektologikoak batzen hasi zen, eta argazki zaharrak, eta kontakizunak, eta azentua... eta baita lexikoa ere.
Urteetako lanaren ondorioz, lexiko-bilketa ederra jaso zuen Aramaiok bere liburuan, tartean hainbat txori-izen agertzen direlarik. Lea-Artibai inguruan dozenaka elkarrizketa ere egin izan ditugu lehenago bertako txori-izenak jasotzeko ehiztari eta baserritarren artean, baina Aramaioren zerrenda ere lagungarri izango da zalantzazko kasuren bat argitzeko, edo adibideren bat gehitzeko.