Zaraitzuko, Zuberoako, Lapurdiko eta Hernaniko txori-izenen zerrenda berriak
2022-3-14
Azken urteotako hustuketa bibliografikoarekin jarraitzen dugu, hango eta hemengo hiztegi eta lanetan azaltzen diren txori-izenak jaso eta Txoriak.eus webgune honetara ekarriz. Azken asteotan ondorengo lanen hustuketa egin dugu: Zaraitzuko hiztegia (Arana, 2001), Le basque de la Basse-Soule orientale (Larrasquet, 1939), Gure florari eta faunari begira (Sanz-Azkue eta Agirre, 2021) eta Les oiseaux de Sare (Duvert, argitaratu gabea).
Hauexek dira aipatu lanen erreferentziak:
- Zaraitzuko hiztegia: Zaraitzuera-Euskara batua / Euskara batua-Zaraitzuera (Arana, 2001). Hiria liburuak. Nafarroako Gobernua.
- Le basque de la Basse-Soule orientale (Larrasquet, 1939). Collection Linguistique, 46. (Societé de Linguistique de Paris).
- Gure florari eta faunari begira (I - Ornodunak) (Sanz-Azkue eta Agirre, 2021). Dobera Euskara Elkartea eta Aranzadi Zientzia Elkartea.
- Les oiseaux de Sare (Duvert, argitaratu gabea). Michel Duvertek Sarako M. M. Azpiroz lekukoari jasotako txori-izenen zerrenda, Koldo Zuazoren oharrekin.
Hiztegi zabal eta orokorra da Aitor Aranak Zaraitzun bildutakoa. Gehienbat aurreko lanetan dago oinarrituta (eta zati handi bat erligio-lanek osatzen dute), baina hegazti izen gutxi batzuk ere badaude. Zaraitzuko euskalkiaren azken lekuko jatorrizkoak XXI. mende hasieran joan zitzaizkigun eta, hortaz, interes berezia du guretzat Aranak osatutako bildumak.
Larrasquet-ek 1939 argitaratutako lanaren interesa ere batez ere historikoa da, orain dela 100 urteko Zuberoako hegazti-izen gutxi batzuk azaltzen direlako oinarrian lan linguistikoa den horretan.
Sanz-Azkuek eta Agirrek Hernanin burutu duten Burbunak eta Etsayak proiektuan, berriz, Hernaniko ahozko ondarea eta natura jaso dituzte, erreferentziazko bilakatu den lan ikaragarri interesgarri batean, eta Gipuzkoako alderdi horretan baserritarren artean ahoz jasotako ehundik gora txori-izen gehitu ditugu gure datu-basera.
Amaitzeko, Michel Duvertek Saran jasotako pare bat dozenako txori-izenen zerrenda ere lortu dugu Koldo Zuazoren laguntzari esker. Lehendik ere jasota genituen Sarako txori-izenak (guk geuk elkarrizketa zuzenak eginez eta baita Zuazoren bilketa-lanari esker), baina Duverten zerrendak osatu egin du lehendik genuen zerrenda.
Adibiderako, hona hemen hustuketan jasotako izenetako batzuk:
- Zaraitzun: añari eta iñar, aate, agila, antzare, apez-txori, arbola-zilazale eta malgor-zilazale, ardizorri eta tordantxa, arrapittitta, bilegarro, biligarro eta billigarro, buitre, eper, erroi, galfor, gallaper eta galleper, huntz, iluntxori, kardelina, kuku, kurro, miru, oillojale, oilloxale eta txorixale, pinpintxori, plaxaga, sorgintxori, txarra, txintxin, txoa, urso eta urzo, urtxori, xoxo eta zozo, zigueña.
- Zuberoan: arrano, basantza(r)a, epher, ahate, khürlo, aphobelatz, azeia, hüntz, añhara, bilhagarro, bohortxori, ülhantx, esparbe, belatz, belexega, belax, bele, basolar, erroi, ürzaphal, ürzo, xoxo.
- Saran: amiamoko, sai, miñauta, ttorttoil, xarxeta, ttoka, papagorri, larrepittika, xoloma, uroilo, okil, pika, etxeuso, basouso, ustarla, antzara, kaio, etxexori, paretxori, miru, xoxo, xoribeltz, martingaio, basoilar, kukurusta, ainara eta añara, huntz, saigorri, lertxun, billigarro, eskuinoso, uzkinuso eta izkinuso, basaoilo, artxipote, belatz, kurrinka, kuku, potorro, bele, kardamiru eta kardinale, galeper, buzoka, laborarixori eta ildoxori, pekazin, aiauda, kalendria, arrano, erresiñoleta.
..................
Argazkia: Otsagabia (Zaraitzu). Javier Losa, 2008 (Wikipedia, cc-by-sa)