Erreferentzia historiko gehiago txori-izenen datu-basera

2019-11-10

Erreferentzia historiko gehiago txori-izenen datu-basera

Txoriak.eus webgune honetan jasotzen ditugun txori-izen gehien-gehienak ahoz jasotakoak dira, baina tarteka liburuetan aurkitzen ditugun txori-izen batzuk ere ekartzen ditugu, batez ere interes historiko eta linguistikoa baldin badute. Oraingo honetan, beste 7 lanetan jasotako txori-izenak jaso ditugu. Denetik dago, azterketa dialektologikoak, artikulu zaharrak, eskualde erdaldunduetan jasotako euskal jatorriko txori-izenak, eta 1677 gidaliburu bat. Guztira berrehundik gora sarrera berri gehitu ditugu datu-basera.

Euskarazko txori-izenak jasotzea da Txoriak.eus webgune eta proiektu honen helburu nagusietako bat. Horrek ez du esan nahi euskarazko liburu guztiak aztertu eta bertan erabiltzen diren txori-izenak hona ekarri nahi ditugunik, inolaz ere, baina zenbait lan oso interesgarriak dira bestela nekez jaso daitezkeen txori-izenak jaso ahal izateko. Esate baterako, hegaztien inguruko lan klasikoak, edo bilketa etnolinguistikoak, edo euskara desagertuta dagoen eskualdeetako lanak,...

Hori dela eta, dagoeneko 115 liburu eta artikulutan batutako txori-izenak ekarri ditugu gure datu-basera. Horietako azkenak joan den astean bertan. Izaera eta garrantzi ezberdineko lanak daude tartean:

  • Dictionarium linguae cantabricae, Bocabularioa ezqueraz jaquiteco eta ezqueraz verba eguiteco. Nicolao Landuchio (Gasteiz, 1562).
  • Liburu hau da itsasoko nabigazionekoa. Piarres Etxeberri (Baiona, 1677).
  • Un vocabulario aezcoano, salacenco y roncalés preparado por el príncipe Bonaparte. Koldo Mitxelena (1958).
  • Mailopeko euskara. Koldo Zuazo (EHU, 2013).
  • Amiküze eskualdeko (h)eskuara. Iñaki Camino (Euskaltzaindia, 2016).
  • Diccionario de Valdizarbe y Valdemañeru. Léxico patrimonial actual: euskera y castellano. Fernando Pérez de Laborda (Loxa. 2017).
  • Lekeitioko txori izenak. Jon Zubiaur (2018, argitaratu gabea).

Itsas-txorien Lekeitioko (Bizkaia) euskarazko izenak jaso ditu, zehatz, Jon Zubiaurrek bere herrian. Zuazoren Mailopeko euskara eta Caminoren Amiküze eskualdeko (h)eskuara, ostera, Nafarroan egindako lan dialektologiko orokorrak dira eta txori-izenei dagokienez ez ugariegiak. Hala ere, orain arte batu gabe nituen Amiküzeko aldaera gutxi batzuk batzeko aukera izan dut lan horiei esker.

Mitxelenaren eta Pérez de Labordaren lanetan ere ez da txori-izen askorik azaltzen, baina bertako euskara desagertuta dagoen eremuetako lexikoa jasotzeko aukera ematen dute (Lizarraldea, Zaraitzu, Erronkari eta Aezkoa, azken horretan oraindik bertako hizkera ezagutzen diren adineko lekukoak badiren arren). Mitxelenak Nafarroa Garaiko 3 eskualdetako 20 bat izen batu zituen 1958an; Pérez de Labordak, berriz, Lizarra inguruko hainbat herritako gaztelaniazko lexikoa bildu du, non euskal jatorriko hainbat berba agertzen diren, tartean 15-20 txori-izen. Ez dira asko, beraz, baina bai oso interesgarriak garai bateko euskalkietako hitzen hedadura jasotzeko. Izan ere, bertako euskara galdu den Araba eta Nafarroako hainbat eskualdetan, euskarazko lexikoak oraindik bere lekua dauka.

Zenbait mende zaharragoa da 1562an Nicolao Landuchiok Gasteizen jaso eta argitaratutako hiztegia. Txori-izen gutxi dakartza, baina baditu zenbait aldaera eta izen interesgarri (gurrugurrua, zapelaria, belatza, belatxikerra,...), gure datu-basea aberasteko balioko dutenak.

Bukatzeko, bitxikeria historiko bat. Martin Oihartzabal itsasgizonak 1579. urtean idatzitako nabigaziorako gidaliburuaren 1677ko euskarazko itzulpena, Piarres Etxeberrik Baionan argitaratua: Liburu hau da itsasoko nabigazionekoa. Garai hartako euskal arrantzaleentzako gidaliburu bat da eta tartean badu Ternuan ikusten diren hegaztiei buruzko ataltxo bat, seguru asko hegazti-izenak biltzen dituen euskarazko lehenengo lana izango dena: "Segidan dire Bankuko xorien ezagutzak". Bospasei izen besterik ez dira, baina interes historiko handiko aipamenak dira, besteak beste, dagoeneko desagertuta dagoen espezie baten berri ematen digulako (pottorro handia, Pinguinus impennis) eta beste inolako lanetan aurkitu ez ditugun pare bat izen jasotzen dituelako: dukak (beharbada aukak?) eta xukutun xoriak.