Munduko hegaztien AviList datu-base bateratuak euskarazko izendegi estandarra txertatu du
2026-10-26
Nazioarteko ornitologiaren erreferentzia taxonomiko bateratuak, AviList ekimenak, 2026ko eguneraketa ofiziala (v2026) eta datu-base bilatzaile publikoa argitaratu berri ditu. Argitalpen honekin batera, munduko hegazti-espezieen izendegi arrunta euskaraz kontsultatzeko aukera txertatu da sisteman, euskal izenak nazioarteko hizkuntza nagusien maila berean kokatuz.
Iaz eman genuen AviList zerrenda bateratu eta bakarraren inguruko informazio zabala. Zerrenda bateratu hori urtero eguneratuko da, hegaztien taxonomia zientzilarien azken ikerketetara egokitzeko eta urriro egingo omen dute eguneraketa. Aurten halaxe izan da.
Integrazioa eBird plataformaren (Cornell Lab of Ornithology) eta AviList lantaldearen arteko datu-sinkronizazioari esker gauzatu da. Oinarrian Euskal Batzorde Ornitologikoak (EBO) 2020az geroztik garatutako normalizazio-lana dago, non euskarazko izenik ez duten munduko hegazti-espezie guztien euskarazko izendegi arautua adosten eta proposatzen ari diren. Datu horiek eBird plataformara igotzen dira urtero eta, oraingoan, AviListek handik hartu ditu euskarazko izenok, munduko beste hizkuntza nagusien izenekin batera.
Batzorde ornitologikoaren lanari esker, gaur egun munduko 2.500 espeziek baino gehiagok dute euskarazko izen arrunta. Proposamen horiek guztiak finkatzeko txosten terminologikoak landu dira eta proiektua Wikipedian ere kontsulta daiteke, Wikiproiektu honetan, Euskal Wikilarien Elkartearen laguntzari esker. Gainera, Txoriak.eus atari honetan ere bilatu daitezke euskarazko txori-izen horiek.
Eremu instituzionalean, Europako hegaztien zerrenda osoa (1.000 espezie inguru) behin betiko txosten bidez itxi da, eta Eusko Jaurlaritzako Terminologia Batzordearen onespen-prozesuan dago, ondoren, ahalko balitz, Euskalterm Banku Terminologiko Publikoan ofizialki txertatzeko.
Euskarazko corpus zientifikoak, halaber, urteroko eguneraketa taxonomikoen erritmoa ere jarraitu behar du, izen berriak proposatzeaz gain. Esate baterako, AviList v2026 bertsioak 29 espezie-banaketa (splits), lau bateratze (lumps) eta zenbait genero-berregituratze ekarri ditu; besteak beste, Emberiza genero klasikoaren zatiketa (Schoeniclus schoeniclus bezalako birsailkapenak eraginez) edota Kanariar Uharteetako txantxangorriaren bereizketa taxonomikoa (Erithacus superbus).
Urrats honek, elkarlanari esker, nazioarteko zientzia-azpiegitura nagusietan hizkuntza gutxituen presentzia bermatzearen bideragarritasun teknikoa berresten du.