Munduko hegaztien euskarazko izen arruntak finkatzeko lantaldea eta egitasmoa
2025-2-12

Euskal Batzorde Ornitologikoaren baitan lantalde bat sortu zen duela laupabost urte hegaztien euskarazko izen arrunten inguruko gogoeta egin eta izen arruntik ez zuten hegaztientzat proposamenak egiteko. Urte gitxi hauetan indarra hartu du egitasmoak: irizpideak adostu dira, Europako hegaztien euskarazko izendegia amaitzear dago eta mundu mailako familia nagusiak izendatzeko lanak ere abiatu dira. Txoriak.eus webgune honetako kudeatzaileok ere zuzenean hartzen dugu parte lantalde horretan eta hementxe laburpen txiki bat.
Euskal Batzorde Ornitologikoaren (EBO) lana da, besteak beste, EAEko hegaztien zerrenda ofiziala osatzea, lurralde horretan inoiz ikusi diren hegazti guztien zerrenda argitaratuz, taxonomia eguneratuarekin eta euskarazko zein gaztelaniazko izendegiekin. Oinarri-oinarrizko lan horretatik abiatuta, azken urteotan lantalde espezifiko bat ere osatu dugu Batzorde horren baitan, ‘Txori-izenen lantaldea‘, esperientzia zabaleko 10 txorizalez osatua, esparru, lurralde eta erakunde/elkarte desberdinetakoak, ondorengo helburuarekin: hegaztien euskarazko izenen egoera aztertzea, euskarazko izenen zerrenda eguneratuta mantentzea eta, euskarazko izen arrunta falta zaien hegaztien kasuan, euskarazko izen arrunt estandarizatua proposatzea. Txoriak.eus webgune honetako kudeatzaileok ere zuzenean hartzen dugu parte lantalde horretan.
Euskarazko izendegia eguneratuta mantentzeko beharleku horretan, Euskal Herriko hegaztien izendegia osatu genuen lehenengo (baziren euskarazko izen arrunt arauturik ez zuten espezie batzuk), Iberiar Penintsulakoa egin zen ondoren (100 izen berri proposatuz) eta Europako hegaztien euskarazko izendegia osatu dugu azkenik, beste 400 izen inguru proposatuz, orain arte euskarazko izen arrunt estandarizaturik ez zeukaten beste horrenbeste espezierentzat, eta Europako hegaztien zerrenda osatzen duten 1.150 espezie ingururen euskarazko izenen zerrenda biribilduz.
EBOren webgunean aurkituko duzue informazio xehe guztia, hartutako erabaki guztien PDFekin batera, baina adibide moduan aipatu daiteke, besteak beste, Jacanidae, Ciconiidae, Fregatidae eta Anseriformes taldeentzat egindako proposamenen lanketa, edo 2024ko udazkenean munduko beste 700 txori-espezie izendatzeko proposamenak, orain arte euskarazko izen arruntik ez zeukaten espezie horietako bakoitzarentzat euskarazko ordaina proposatuz, adibidez, hor goian ikus dezakezuen lira-oilar kaukasoarrarena (Lyrurus mlokosiewiczi, Phasianidae; argazkia: Irol Hatinoglu, Macauly liburutegia eta Bird.org).
Esan bezala, proposamenak dira orain arte egin ditugunak. Eusko Jaurlaritzaren Terminologia Batzordearekin ari gara elkarlanean proposamen hauek alderdi linguistikotik aztertu eta berme terminologikoa jaso dezaten, behin betiko zerrenda osatu ahal izateko, horrelako lanek behar duten berme linguistiko eta terminologikoarekin.
Tinamu beltza (Tinamus osgoodi), Peru eta Kolonbia arteko baso hezeetako espeziea, orain arte euskarazko izen arrunt espezifikorik ez zuena. Argazkia: Blair Dudeck, CC BY 4.0.
Hamarkadetako historia luzea daukan lana
Aspaldikoa da hegaztien euskarazko izen arruntak finkatzeko ahalegina eta bidearen zatirik handiena artez egin dute hainbatek gure aurretik. Aranzadik hasi zuen bidea 60. hamarkadan, UZEIk jarraitu 80. hamarkadan eta, urteetako lan hori, besteak beste, Euskalterm datu-base terminologikoan batu da XXI. mende honetan.
Bidearen zati handiena eginda egon arren, munduan dauden 11.150 txori espezieen artean asko eta asko dira oraindik euskarazko izenik ez dutenak, baita Euskal Herrian inoiz ikusi diren batzuk ere. Gainera, txorizaleak ugaritu ahala eta gure ezagutza handitu ahala, lurralde bateko hegaztien zerrenda egokitu beharra dago urtero-urtero, espezie berriak agertzen direlako, lurralde berrietara zabaltzen direlako, edo aldaketa taxonomikoek ere izendegian eragin dezaketelako. Azken batean, urtero-urtero egin behar da berriskupen lanen bat, arlo horretan lan egiten duten mundu mailako erakundeek munduko hegaztien zerrenda eguneratu ahala.
Txori-izenen lantaldearen jarduna eta ezaugarriak
Munduko hegazti guztien datu-basea, IOC erakundeak urtero ateratzen duen zerrenda taxonomikoaren araberakoa, orain arte euskarazko izena duten 2.200 espezie ingururekin, Txoriak.eus webgune honetan kontsulta dezakezue, bilaketak egiteko aukerarekin, Munduko txorien euskarazko izenak atalean.
Euskal Herriko hegaztien izendegia eta Iberiar Penintsulakoa egin ondoren, Europako hegaztien euskarazko izendegia izan zen hurrengo urratsa eta munduko talde nagusi eta ezagunenak izendatzeko proposamenak egitea da une honetan lantzen ari garena. Bien bitartean, Wikiproiektu bat ere jarri dugu martxan 2025ean Euskal Wikilari Elkartearekin batera, 'Hegaztien euskarazko izenak', hartutako erabaki guztiak Euskarazko Wikipediara eramateko, euskal txorizaleentzat erreferentziazko biltegi librea baita sareko erreminta hori.
Horrekin batera, orain arte osatu ditugun txosten terminologikoak eta lantaldearen jarduna Ornitologia.eus webgunean sareratu ditugu txorizale guztientzat eskuragarri.
Irudian kaio kaspiar gaztea (Larus cachinnans), Euskal Herrian nahiko ohiko den espeziea izan arren, euskarazko izen arrunt espezifikorik ez zeukan espeziea; Euskaltermen, Wikipedian eta hiztegi nagusietan ez, bederen. Argazkia: Imran Shah, CC BY-SA 2.0.