Antzandobi arrunta (Lanius collurio)
Laniidae, Paseriformeak
Beste izen batzuk: Antzandobi, Begihandi, Buruhandi, Burunagusi, Karrakari, Karraska, Pepetanbor, Pikaporta, Pikumotz, Txorigaizto, Txorihandi, Zaldubi, Zanzandoi.
Euskarazko izendegi osoa »
Beste hizkuntzetan
- Gaztelania: Alcaudón dorsirrojo
- Frantsesa: Pie-grièche écorcheur
- Ingelesa: Red-backed Shrike
- Okzitaniera: -
- Aragoiera: Picapuerco royo
- Katalana: Escorxador
- Astur Leonesa: -
- Galegoa: Picanzo vermello
- Alemaniera: Neuntöter
- Italiera: Averla piccola
Deskribapena
Ugariegia izan ez arren, baserritar eta naturzaleek ondo ezagutzen dute txori nahastezin hau. Neurriz zozoaren antzekoa, bere buru handiak oso bereizgarri egiten du antzandobia, eta eskualde askotan ematen zaion izenak ere ondo adierazten du gainontzeko txoriak baino kaxko handiagoa duela: buruhandia, txorihandia, begihandia,... Arraren kolore-nahastea ere oso bereizgarria da, bizkar gorrizka, buru grisa, bularralde arrosa eta, gehienbat, begiak estaliz daraman antifaz beltza. Emea, ostera, arrexka eta pinttana da, ingurunearekin hobeto mimetizatu nahiko balu bezala.
Itxuragatik ez ezik, bere ohitura batengatik da ezagun eta berezia antzandobia. Izan ere, intsektu eta ornodun txikiz elikatzen dira buruhandi hauek. Batez ere intsektuak jaten ditu, baina baita sugandila eta narrasti txikiak, sagu eta satitsuak, edota baita hegazti txikiren bat ere. Harrapariak dira, beraz, antzandobiak (txori txikien artean ohitura hori daukaten bakarrak dira). Eta, behin harrapatuta, harrapakinak inguruko arantza edo alanbredun hesietan zintzilikatzen dituzte, hurrengo egunetarako gordailu gisa.
Euskal Herrian
Garai batean txori ugaria, gaur egun gero eta urriago bilakatu da. Hala ere, kopuru txikietan izan arren, Euskal Herriko eskualderik gehienetan bizi da, lekurik lehorrenetan beste antzandobi mota batzuek ordezkatzen duten arren.
Eurasiako eremu zabalean kumatzen du. Neguan, berriz, Sahara hegoalderantz migratzen du. Horretan ere badu berezitasun bat antzandobi arruntak, zuzenean hegoalderantz joan ordez, eta Afrikara Gibraltarretik barrena joan ordez, Mediterraneo osoa inguratzen duelako, eta Egiptotik behera jaisten delako Afrika ekialderantz.
Entzun
Banaketa mapa
Bideoa - Antzandobi arra
Euskarazko izendegia
Oharrak
Euskaraz erabiltzen diren izenik gehienek bere ezaugarri fisiko nabarmenekin daude lotuta, batez ere begi eta buru handiei erreferentzia eginez (buruhandi, txorihandi, begihandi, ahohandi...). Bere harrapari izaera eta moko kakoduna azpimarratzen dutenak ere badira (txorigaizto eta pikumotz), eta baita onomatopeikoak ere (karrakari, karraska, txartxar...). Euskara batuan estandarizatu den "antzandobi" hitzak, aldiz, leku txikia dauka tradiziozko ahozko euskaran. Beharbada, Gipuzkoako zenbait herritan erabiltzen diren sandibui eta zaldubi aldaerekin lotuta egongo da.
Mapa honetan izen nagusiak aurkituko dituzu. Datu guztiak ikusteko begiratu ondorengo taula.
Aldaera | Eskualdea | Bibliografia |
---|---|---|
Antzandobi | Donostialdea | IztJ (1847) AzkRM (1905) SanP (1908) AldJ (1918) Aran (1961) SanI2021 (2021) |
Begihandi | Lea Artibai, Urola-Kostaldea, Gernika-Bermeo | |
Buruhandi | Durangaldea, Debagoiena, Debabarrena, Lea Artibai, Urola-Kostaldea, Tolosaldea | ArrG (1988) |
Burunagusi | Gernika-Bermeo | MarA (2006) |
Karrakari | Gernika-Bermeo | |
Karraska | Durangaldea | |
Pepetanbor | Lea Artibai, Gernika-Bermeo | |
Pikaporta | Estellerriko Ekialdea, Auñamendi | EliJ (1923) ZubE (1932) KamP (2007) PerF2017 (2017) |
Pikumotz | Debabarrena, Bidasoa Garaia | |
Txorigaizto | Debabarrena, Urola-Kostaldea | PerJ53 (1953) PerJ54 (1954) SanJ (1978) |
Txorihandi | Donostialdea, Debagoiena, Debabarrena, Gorbeia Inguruak, Goierri, Urola-Kostaldea, Tolosaldea | PerJ53 (1953) LeiA60 (1960) SanI2021 (2021) |
Zaldubi | Urola-Kostaldea | AldJ (1918) |
Zanzandoi | Donostialdea | SanI2021 (2021) |
Ahohandi | Debagoiena | |
Antzara-txori | Zuberoa | EliJ (1923) CasJ (1989) |
Arrautzajale | Plentzia-Mungia | GamI99 (1999) |
Basotxori | Lea Artibai | |
Errege-txori | Durangaldea | |
Eskinoso txiki | Urola-Kostaldea | |
Fara-fara | Durangaldea | |
Garraztarro txiki | Debabarrena | |
Infernutxori | Sakana | KarR (1991) |
Kaifas | Debagoiena | |
Kakau txiki | Arrati Nerbioi | |
Kankanote | Zuberoa | EliJ (1923) CasJ (1989) |
Kankar | Donostialdea | LeiA60 (1960) |
Kardiñerujantzaile | AraT (1909) | |
Karrankla | Bilbo Handia | BueX (1999) |
Kastellano-txori | Lea Artibai | |
Kiokara | Lea Artibai | AzpJM (1986) |
Kukuen eskribiente | Lea Artibai | |
Larrutzaile | Euskal Herria, Bizkaia | Uzei (-datarik gabe-) LabE (1895) AldJ (1918) |
Monjatxori | Urola-Kostaldea | |
Sugetxori | Zuberoa | AzkRM (1905) EliJ (1923) CasJ (1989) |
Tak-tak | EliJ (1923) | |
Txar-txar | Goierri | |
Txinbo erreal | Debagoiena, Debabarrena, Bilbo Handia | ArrE (1896) |
Txorijale | Sakana | ZuaK2022 (2022) |
Txoritonto | Debagoiena |
** Eskualdea: Ahoz non jaso den.
Grisez, zalantzazkoak edota bibliografian bakarrik jasotakoak.