Lanperna-musua (Fratercula arctica)
Alcidae, Txaradriiformeak
Beste izen batzuk: Elantxobetar, Karkulu, Lanperna-musu, Papalaio, Zabal-musu.
Euskarazko izendegi osoa »
Beste hizkuntzetan
- Gaztelania: Frailecillo atlántico
- Frantsesa: Macareux moine (Perroquet de mer, Calculot)
- Ingelesa: Atlantic puffin
- Okzitaniera: -
- Aragoiera: Flairet
- Katalana: Fraret atlàntic
- Astur Leonesa: Gallu marín
- Galegoa: Arao papagaio
- Alemaniera: Papageitaucher
- Italiera: Pulcinella di mare
Deskribapena
Hegazti itsastarra, Atlantiko iparraldean bizi eta kumatzen da. Neguan hegoalderantz dator eta ohikoa da gure itsasaldean ikustea, nahiz eta gure kai eta hondartzetara nekez gerturatzen den. Arrantzaleek, aldiz, oso ondo ezagutzen dute, bere moko koloretsu eta zabala oso deigarria delako itsasoan olatu artean. Hala ere, lanperna-musuak gurera gerturatzen direnean, udazken-neguan, euren mokoen kolorea kumaldian baino askoz apalagoa izan ohi da.
Entzun
Lanperna-musuaren mehatxuak Ipar Ameriketan
Lanperna-musua arrantzan eta marikaketatik ihesi
Euskarazko izendegia
Oharrak
Hegazti eder honen moko zabal eta biziak derrigor erakartzen du gure harridura eta hori berori da euskaraz zabalduen dagoen izenaren oinarria, lanperna-musua, hegazti honen mokoak lanperna koloretsu baten itxura baitauka. Hala ere, herririk herri aldaera ezberdinak aurkituko ditugu, euskalki eta hizkera bakoitzaren arabera, besteak beste, "anperra-muxu" Ondarroan, "anpor-maixu" Lekeition, "eperra-muxu" Getarian, eta abar. Lapurdi ingurura hurreratu ahala, berriz, mailegu itxura daukaten beste 2 izen aurkituko ditugu. "Papalaioa" erabili izan dute Hondarribiko arrantzaleek (papagaioren aldaera), beste hizkuntza batzuetan gertatzen denaren antzera, adibidez galizieraz ('arao papagaio'), alemanieraz ('papageitaucher') edo frantsesez ('perroquet de mer'). Ziburun, berriz, "karkulu" dago jasota Joseph Garaten "Itsas hiztegia - Lexique de la mer: Basque - Français" (1982). Frantsesetik hartutako mailegua izan liteke, antzera izendatzen delako txori hau Frantziako zenbait eskualdetan, 'calculot'. Bukatzeko, Bermeon "elantxobetxarra" deitzen diote hegazti honi eta Zuberoa aldeko hiztegietan "zabal-musua" ere aurkituko dugu (izen zalantzazkoa edo asmatua, seguru asko, ez baita oso sinesgarria lanperna-musu itsastarrak izen zuberotarra izatea).
Mapa honetan izen nagusiak aurkituko dituzu. Datu guztiak ikusteko begiratu ondorengo taula.
Aldaera | Eskualdea | Bibliografia |
---|---|---|
Elantxobetar | Gernika-Bermeo | BarE2000 (2000) |
Karkulu | Lapurdi Itsasegia | GarJ1982 (1982) |
Lanperna-musu | Lea Artibai, Urola-Kostaldea | AltJ30 (1930) Aran (1961) ZubJ (2018) EtxP (Data ezezaguna) |
Papalaio | Bidasoa Beherea | |
Zabal-musu | Zuberoa | SanP (1908) EliJ (1923) MugP (1965) CasJ (1989) |
Iparraldeko frailetxo | AldJ (1918) | |
Mokozabal | AldJ (1918) |
** Eskualdea: Ahoz non jaso den.
Grisez, zalantzazkoak edota bibliografian bakarrik jasotakoak.