Pierre Selim GFDL CC-BY-SA-3.0
Pierre Selim GFDL CC-BY-SA-3.0

Txantxangorria (Erithacus rubecula)

Turdidae, Paseriformeak

Beste izen batzuk: Anttonpapargorri, Antxogorri, Lepogorri, Papargorri, Papogorri, Txantxako, Txantxalangorri, Txantxango, Txantxangorri, Txindor, Txotxolongorri.
Euskarazko izendegi osoa »

Beste hizkuntzetan

  • Gaztelania: Petirrojo
  • Frantsesa: Rougegorge familier
  • Ingelesa: European Robin
  • Okzitaniera: -
  • Aragoiera: Papirroi
  • Katalana: Pit-roig
  • Astur Leonesa: -
  • Galegoa: Paporrubio
  • Alemaniera: Rotkehlchen
  • Italiera: Pettirosso europeo

Deskribapena

Hegazti ezaguna, bere bularralde gorri nahastezinarekin, ar zein eme. Txori pottokoa, sendoa, moko zorrotzekoa. Gazteak arreak dira, tantoz josiak.

Europako hainbat herrialdetan gorde den kondairaren arabera, Jesu Kristo gurutzean iltzatuta zegoela, txantxangorria laguntzera joan zitzaion, eta Kristoren odolarekin koloreztatu zitzaion paparra laranjaz. Harrezkero, hegazti maitatua, zaindua eta ia saindua da Europan, ehizatzen ez dena.

Denetik jaten du, batez ere zizare eta mamorroak, eta lurrean ikusi ohi dugu sarri, janari bila. Neguan dieta handitu egiten du, eta fruitu edo haziak ere jaten ditu, horretarako herrietako parke edo lorategiak erabiltzen dituelarik. Bestela, zuhaitz eta zuhaizkak dituzten inguruneetan bizi da. Gizakiak jarritako bazkalekuetara ere sarri hurreratzen da, lotsabako samarra izaki.

Sinpatiko fama dauka, baina nahiko lurraldekoia da eta etengabeak dira txantxangorrien arteko borrokak lurraldeak gorde eta defendatzeko.

Euskal Herrian

Habiagile arrunta da Euskal Herri osoan (gehiago lurralde hezeetan oso idorretan baino), eta urte guztian zehar ikusi dezakegu. Neguan bere populazioak gora egiten du, Europa iparraldeko hotzetik ihesi datozen txoriak ere gerturatzen zaizkigulako.

Entzun

Banaketa mapa

Erithacus rubecula distribution map

Bideoa - Txantxangorria potzu batean bainatzen

Euskarazko izendegia

Oharrak

Papar laranja horrek ematen dion kolore bereizgarria dela eta, euskaraz dituen izen gehien-gehientsuenek bularraldeko kolorearen berri ematen digute: anttonpapargorria, antxogorria, bulargorria, lepogorria, papargorria, papogorria, txantxangorria, txotxolongorria... Gure inguruko hizkuntza gehienetan ere halaxe da, "gorri" hori etengabe errepikatuz.

Bizkaian entzungo dugun txindorra ere aipatu beharra dago, hedadura zabaleko izena delako, eta antzeko beste txori-izen batzuen osagai delako: errekatxindorra (Cettia cetti) eta urretxindorra (Luscinia megarrynchos).

Mapa honetan izen nagusiak aurkituko dituzu. Datu guztiak ikusteko begiratu ondorengo taula.

Aldaera Eskualdea
Anttonpapargorri Baztanaldea
Antxogorri Araba
Lepogorri Bidasoa Garaia
Papargorri Durangaldea, Debagoiena, Bizkaia, Lea Artibai, Arrati Nerbioi, Gorbeia Inguruak, Gernika-Bermeo, Sakana
Papogorri Zuberoa, Baztanaldea, Auñamendi, Iruñerria, Baigorri-Ortzaize, Lapurdi Garaia, Basabürüa, Arberoa-Iholdi, Arbaila
Txantxako Lea Artibai
Txantxalangorri Iruñerria, Sakana
Txantxango Debagoiena
Txantxangorri Durangaldea, Donostialdea, Debagoiena, Debabarrena, Araba, Bidasoa Garaia, Bidasoa Beherea, Lea Artibai, Arrati Nerbioi, Aralarko Iparraldea, Goierri, Gernika-Bermeo, Urola-Kostaldea, Ultzamaldea, Gipuzkoa, Tolosaldea
Txindor Durangaldea, Bizkaia, Bilbo Handia, Lea Artibai, Arrati Nerbioi, Gernika-Bermeo, Plentzia-Mungia
Txotxolongorri Sakana
Antxolongorri
Bulargorri Bilbo Handia
Lebatxori Bizkaia
Papatx Euskal Herria
Parpar Bilbo Handia
Txantxingorri Arrati Nerbioi, Debagoiena
Txantxote Estellerriko Ekialdea
Txintxagorri
Txintxin Zaraitzu
Txintxiri
Xafrantxist Euskal Herria
Zintzurgorri

** Eskualdea: Ahoz non jaso den.
   Grisez, zalantzazkoak edota bibliografian bakarrik jasotakoak.