Txepetxa (Troglodytes troglodytes)
Troglodytidae, Paseriformeak
Beste izen batzuk: Aiñarrapitterra, Amiaputika, Epetx, Erregepitita, Erregetxopit, Larrepittitta, Pettittarrege, Txepetx.
Euskarazko izendegi osoa »
Beste hizkuntzetan
- Gaztelania: Chochín común
- Frantsesa: Troglodyte mignon
- Ingelesa: Eurasian Wren
- Okzitaniera: -
- Aragoiera: Rei d'as barzas
- Katalana: Cargolet
- Astur Leonesa: -
- Galegoa: Carriza común
- Alemaniera: Zaunkönig
- Italiera: Scricciolo
Deskribapena
Europako txoririk txikienetakoa dugu txepetxa (10 cm eta 10 g inguru). Hala ere, oso ezaguna euskaldunontzat, antzinako ipuin eta kondairetan sarri aipatzen dena. Gorrizka da, moko fin eta zorrotzekoa. Buztan laburra dauka, gehienetan zut-zut daramana. Txori ausart eta urduria, gizakiongana hurbiltzeko beldurrik ez duena. Horregatik, sarri ikusiko dugu gugandik gertu, xomorro, larba eta bestelako ornogabeak ehizatzen.
Ikusi ez ezik, entzun ere erraz egingo dugu hain bereizgarri duen kantu ozen, landu eta errepikakorra. Izan ere, Euskal Herriko (eta Europako) txoririk txikienetakoa izan arren, tenore bikaina baita. Txorrotxio ahaltsu eta luze ahantzezina du, gehienetan osorik kantatzen duena, askotan ezkutaleku batetik, etengabe.
Txepetxa, hegaztien errege ttipia
Kondairaren arabera, txepetxa hegaztien erregea da. Hegaztien arteko lehia batean, arrano baten sorbaldara igo, eta ia eguzkiraino iritsi zen (arranoa atzean lagata). Harrezkero hegaztien errege ttipia da, "erregepettitta". Halaxe jaso zuen R. M. Azkuek, "Euskaleriaren Yakintza" lanean (1935), Nafarroa Beherean jasotako kontakizun honetan.
Xoriak elgarretarat bildu ziran erregeren autatzeko eta elgarrekin erabaki zuten gorenik igaiten zena errege izanen zela. Abiatu zirenean pettitterrege arranoaren gainean yarri zen. Laster xori guztiak, arranoa salbu, akiturik erori ziren. Hori ikustearekin arranoak egin zuen bere baitan eta gero erran ere bai: "Ni nauk errege"; eta beheiti abiatu zen. Orduan pettitterrege egaldatu zen eta hura bezik zeru-gainean ezpitzen, orok erregetzat hautatu zuten.
Euskal Herrian
Habiagile arrunta da Euskal Herriko eskualde ia-ia guztietan. Urte guztian zehar ikusiko dugu.
Entzun
Banaketa mapa
Txepetxa habia eraikitzen
Txepetxaren ibilerak
Txepetxaren kantua #TxoriaTxio
"Txepetxa", Pedro Mari Otaño (1894)
Askotan esan izandu dute gizon ikastun argiak
nola piztiak izan litezken gure erakuslariak:
erlea da bat aipatzen dana, o zer lan harrigarriak
jartzen dituzten gure aurrean honek eta txingurriak!
Txepetxak berriz erakusten du hainbeste nola haik biak.
Euskal lurreko txorietan dan txikitxoena da bera,
gaztain kolore bakarrekoa, nahi bada ez da ederra;
begi argiak, buru xanpala, moko ttenttea aurrera,
gorputza motxa, hanka laburrak, xaltokako ibilera,
xalapartako hegalaria eta kantari ergela.
Txotx batek aisa jasoko luke nola karga gutxi duan,
baina gustatzen zaio jartzea adar sendoxeagoan;
amildu arren ez leike galdu dakielako hegoan,
baina arkitzen baldin bada ere burnizko aldamioan,
hiru-lau aldiz xanpatutzen du seguru ote dagoan.
Udaberrian lehendabiziko kabia txepetxarena
azaldutzen da, eta ezaguna: goroldiozkoa dena;
arbol gerrian huntza tartean du lekurik maiteena,
ta gizon askok ikusitzean irispidean dagoena,
esan ohi dute: «Zer konfiantza txori txar honek duena!»
Ta edozeinek esan lezake, berari begiratzean,
arretarikan ez dadukala egin leioken gaitzean;
ez-idurian hark kabiari beste zuloa atzean
egiten dio, handik joateko aurrekoa tapatzean,
erakutsiaz pentsa zagula nola atera sartzean.
Urtzi Reguerok Twitter bidez bidalia. Eskerrik asko.
Euskarazko izendegia
Oharrak
Euskaraz jaso dituen izenei dagokienez, hiru talde handitan sailka daitezke:
- TXEPETXA (epetxa, petxa, txapetxa...) onomatopeikoa(?), batez ere Hegoaldean nagusi dena.
- ERRE(GE)PETTITTA (erregetxopitta, pettittaerregea...) nagusi Iparraldean.
- Eta hainbat izen txikikagarri, han eta hemen barreiatuta (batez ere Nafarroan) amiaputika, larrepittita, aiñarrapitterra...
Mapa honetan izen nagusiak aurkituko dituzu. Datu guztiak ikusteko begiratu ondorengo taula.
Aldaera | Eskualdea | Bibliografia |
---|---|---|
Aiñarrapitterra | Baztanaldea | |
Amiaputika | EliJ (1923) | |
Epetx | Baztanaldea, Plentzia-Mungia, Bizkaia, Bilbo Handia | ArrE (1896) AraT (1909) GarP (1934) GamI82 (1982) GamI93 (1993) ArrJ (1994) IzeM (1996) GamI97 (1997) GamI99 (1999) GamI00 (2000) GamI01b (2001) GamI01a (2001) GamI01c (2001) GamI02b (2002) GamI05b (2005) GamI05a (2005) ZuaK2016 (2016) |
Erregepitita | Arberoa-Iholdi, Baigorri-Ortzaize, Zaraitzu | AbaA (1892) AzkRM (1905) EliJ (1923) MugP (1965) AraA2001 (2001) ZuaK2021 (2021) |
Erregetxopit | Zuberoa, Basabürüa, Arbaila | MugP (1965) CamI2016-Z (2016) |
Larrepittitta | Lapurdi Garaia | EliJ (1923) DuvM (2015) |
Pettittarrege | Nafarroa Beherea, Auñamendi | KamP (2007) CamI2016-NB (2016) |
Txepetx | Zuberoa, Araba, Bizkaia, Gipuzkoa, Lea Artibai, Gorbeia Inguruak, Goierri, Gernika-Bermeo, Urola-Kostaldea, Ultzamaldea, Tolosaldea, Sakana, Plentzia-Mungia, Durangaldea, Donostialdea, Debagoiena, Debabarrena, Bilbo Handia, Bidasoa Garaia, Bidasoa Beherea, Arrati Nerbioi, Aralarko Iparraldea | Esku1778 (1778) IztJ (1847) ArrE (1896) SanP (1908) AraT (1909) AldJ (1918) PueF (1952) LopG58 (1958) LeiA60 (1960) Aran (1961) IzaK67b (1967) LopG73 (1973) GonM (1979) GalA (1981) LeiA83 (1983) AzpJM (1986) ZufJ88 (1988) ArrG (1988) CasJ (1989) GamI90 (1990) KarR (1991) IzaK94 (1994) UgaM (1995) ZubJ (1998) GamI02a (2002) MarA (2006) EtxJM (2009) AraI2011 (2011) ZuaK2013 (2013) ZuaK2016 (2016) SanI2021 (2021) |
Amandi | AzkRM (1905) | |
Amurutxo | MugP (1965) | |
Erberatzaile | Bizkaia | LabE (1895) |
Herritterri | Sakana | ArbB (2012) |
Ñañarrapittika | Baztanaldea | IzeM (1996) |
Ñartxori | MugP (1965) | |
Percha | Araba | PueF (1952) |
Petxa | Bilbo Handia | BueX (1999) |
Sorgintxori | Sakana | ZuaK2022 (2022) |
Txori errege | AzkRM (1905) |
** Eskualdea: Ahoz non jaso den.
Grisez, zalantzazkoak edota bibliografian bakarrik jasotakoak.