Zazpi txori-espezie berri argitaratu ditugu: txilinporta, sai zuria, mokozabala, zikoina,...

2017-2-27

Zazpi txori-espezie berri argitaratu ditugu: txilinporta, sai zuria, mokozabala, zikoina,...

Gutxika-gutxika edukia gehitzen jarraitzen dugu eta azken egunotan beste 7 hegaztiren fitxak aktibatu eta argitaratu ditugu gure webgunean.

Azken egunotan gure datu-basera gehitu eta sarean ikusgai ipini ditugun espezieen artean, Euskal Herrian nahiko ezagunak diren zazpi txori-espezie daude. Batzuk beste batzuk baino ugariagoak dira, baina guztiak ere nahiko ezagunak.

Alde batetik zenbait hegazti urtar daude, esate baterako, ubarroi handia, murgil handia, eta txilinporta txikia. Lehenengoak ez du gure artean kumatzen, baina sarri ikusiko dugu gure kostaldean, erreketan eta hezeguneetan. Murgil handia eta txilinporta txikia, berriz, podizepiformeen taldekoak dira eta Euskal Herriko hezegune gehienetan ikusi daitezke. Bikote gutxi batzuek, gainera, kumatu ere egiten dira Euskal Herrian.

Beste alde batetik, zikoina eta mokozabala bezalako bi hegazti handi eta ezagun ditugu. Zikoina edo amiamoko zuria ia erabat desagertu zen duela urte batzuk gure zeruetatik, baina gutxinaka berriro ari dira hazten zikoina-populazioak. Barnealdeko eskualde batzuetan izugarri ugaritu da, esate baterako, Araba eta Nafarroako zenbait ingurutan, eta ale gutxi batzuk kostalderaino ere heltzen dira. Mokozabalari dagokionez, espezie migratzailea da Euskal Herrian. Besteak beste, Txingudin eta Urdaibain ikusi ahalko dugu udaberriko eta udazkeneko joan-etorrietan.

Bukatzeko, etxe-usoaren eta sai zuriaren fitxak ere argitaratu ditugu.

Kasu guztietan euskarazko izendegia ere gehitu dugu, hegazti horiek gure ahozko tradizioan izan dituzten izenak jasota.